RACCtel+ bidez Euskaltel Taldeak eta RACCek kudeatutako zerbitzuek bigarren merkaturatze-fasea jarri dute martxan, Kataluniako etxe guztietara iristeko.

RACCtel+ Katalunia osoan hedatzen hasi da, merkatuko eskaintzarik osoena eginda: Internet 500 mega simetrikorekin, mugikorra 20 GB-rekin eta TBa 80 kanal baino gehiagorekin

  • Zerbitzua zabaltzearekin batera, Kataluniako 2.400.000 etxebizitzak banda zabaleko Interneteko, telefonia finkoko eta mugikorreko eta TBko paketeak eskuratu ahal izango dituzte.
  • Merkatuko eskaintzarik osoena eta lehiakorrena da: 500 mega simetrikoko Interneteko konexioa eskaintzen du, eta etxe osorako estaldura.
  • Plan berriek aukera ematen dute zuntza eta mugikorra bakarrik kontratatzeko. Linea finkoa aukerakoa da, merkatuko beste pakete batzuetan ez bezala.
  • Bezeroak kontratatutako paketean, edozein dela ere, linea gehigarriak kontratatu ahal izango dira, lineako hilean 9,9 euro bakarrik ordainduta (5 giga izango dituzte datuetan).

Bartzelonan, 2019ko irailaren 19an. Kataluniako etxe guztietara zabaltzeko prozesuaren bigarren fasearekin hasi da RACCtel+, merkatuko telekomunikazio-eskaintza oso eta lehiakorrenarekin: 500 mega simetrikoko Internet (abiapuntuko abiadura gisa) eta etxe osorako estaldura.

Proposamen berri horrekin, Kataluniako 2.400.000 etxek aukera izango dute baterako zenbait pakete kontratatzeko. Oinarrizko 500 mega simetrikoez gain, linea mugikor bat ere eduki ahal izango dute, dei mugagabeekin eta 20 GB-rekin. Horrek esan nahi du lehengo abiadura halako lau eskainiko dela, hilean 39,9 euro ordainduta eta inolako iraupen-konpromisorik gabe. Bezeroak kontratatutako paketean, edozein dela ere, linea gehigarriak kontratatu ahal izango dira, lineako hilean 9,9 euro bakarrik ordainduta eta 5 gigarekin. Prezio ezin hobea.

RACCen eta Euskaltelen operadoreak, RACCtel+-ek, RACCeko bezeroei zerbitzuak eskainiz ekin zion lehen merkaturatze-faseari, baina urrats kualitatibo eta kuantitatiboa emango du orain, eta zuntz bidezko sarbidea duten eta Kataluniako merkatua osatzen duten etxe guztiei egingo die bere eskaintza; 2,4 milioi etxe dira guztira. Bi taldeak lanean ari dira Katalunian hazten jarraitzeko proiektuarekin aurrera egiteko.

Malgutasuna eta kalitatea: Zuntza eta mugikorra bakarrik kontratatzeko aukera

Malgutasuna da RACCtel+ aurkezten duen proposamen berriaren bereizgarri nagusia: aukera ematen du zuntza eta mugikorra bakarrik kontratatzeko, merkatuko beste pakete batzuek ez bezala. Izan ere, RACCtel+-ekin ez da beharrezkoa erabiltzen ez den zerbitzu bat ordaintzea. Eta kontratatu nahi izanez gero, hilean 5 euro da prezioa. Bestalde, eskaintza honen beste bereizgarria kalitatea da. Eta horren erakusgarri da hau: Android TVn oinarritutako 4K deskodetzailea telebistan txertatuta, Googleren aplikazioak telebistan deskarga daitezke.

Eta berrikuntzen artean, nabarmentzekoak dira beste hauek ere: batetik, 500 mega simetrikoko abiadurako Interneteko sarbidea eta, bestetik, iraupen-konpromisorik eza.

Zehazki, hauek dira RACCtel+-en eskaintza global berriak aukeran dituen zerbitzu-paketeak: Take Away (500 mega simetrikoko Internet eta mugikor-linea bat, dei mugagabeekin eta 20 GB-rekin); Take Away + (aurrekoa gehi Guztia TBa, 4K deskodetzailearekin eta 120 kanal baino gehiagorekin); Family tarifa (Internet, mugikorra, Premium TBa eta telefono finkoa) eta Family + tarifa (aurrekoa gehi Guztia TBa).

Euskaltel Taldeak kudeatutako telekomunikazioak

RACCtel+-ek eskaintzen dituen banda zabaleko, telebista digitaleko eta telefonia finko eta mugikorreko zerbitzuak Euskaltel Taldeak kudeatzen ditu, Espainiako iparraldean lider den telekomunikazio-operadoreak, bere zerbitzuak Katalunian eskaintzeko RACCekin sinatutako hitzarmenari esker.

Euskaltel Taldearen eta RACCen arteko aliantza estrategikoak Euskaltel Taldeak kudeatutako telekomunikazio-zerbitzuak kontratatzeko aukera ematen die RACCeko bazkideei. Orain, aukera hori Kataluniako etxe guztietara zabalduko da, erakundeko bazkide izan nahiz ez.

Europako telekomunikazio-operadore aurreratuena da Euskaltel Taldea zuntz-sareari dagokionez, eta wifi-zerbitzurik onena eskaintzen du. Hori dela eta, epe luzera, lehiakortasun-maila handiena izango duela diote. Euskadi, Galizia eta Asturiasko telekomunikazio-zerbitzu bateratuen alorrean nagusi den taldeak, Euskaltelek, produktu eta zerbitzu aurreratuen eskaintzarik onena eta eraginkorrena du, eta bezeroen konfiantza bereganatu du, telekomunikazioen alorreko zerbitzuen hornitzaile integrala baita. Hori dela eta, Europako "teleko" sektoreko aitzindari bihurtu da.

Euskaltel - Komunikazioa
94-4011229
komunikazioa@euskaltel.com