Berta Álvarez Stuber da Euskaltel taldeko Giza Baliabideak saileko zuzendari berria

  • Esperientzia handia du enpresa kotizatuetan negozio-arloekin eta estrategiarekin bat datozen politikak ezartzen.

Bilbon, 2020ko urtarrilaren 28an. Berta Álvarez Stuber izendatu du Euskaltel Taldeak Giza Baliabideak arloko zuzendari. Garrigues Andersen enpresan hasi zuen zuzendari berriak ibilbide profesionala, eta gero batez ere energia-, aeronautika- eta haize-sektoreko enpresetan egin du lan, hala nola GES (Global Energy Services SIEMSA SA), Gamesa Aeronautika eta Gamesa Korporazio Teknologikoa, non diziplina anitzeko taldeak koordinatu eta zuzendu baititu estatuan eta nazioartean.

Berta Álvarez Stuber Zuzenbidean lizentziatua da, Ekonomiako espezialitatean, Deustuko Unibertsitatean, eta esperientzia arrakastatsua du konpainia kotizatuetako negozio-arloekin lerrokatutako estrategiak ezartzen.

Enpresan kultura korporatiboa integratzeko, eraldatzeko eta kudeatzeko prozesuetan ibilbide luzea eginda sartu da konpainian, Giza Baliabideak garatzeko politikak definitzen eta ezartzen duen esperientziari esker. Alderdi guztiak hartzen ditu esperientzia horrek bere baitan; besteak beste, pertsonak konpainian sartzea, haien prestakuntza eta lanaren ebaluazioa. Hori guztia, eginkizun hori bete duen erakundeetako arlo eta taldeekin koordinatuta.

Izendapen honekin, Euskaltel Taldeak bere antolamendu-egitura indartzen eta egokitzen du eraldaketa- eta hazkunde-prozesura, laster estatu osora zabaltzeari ekiteko asmotan.

Ibilbide-orri berria ezartzearen ondorioz, konpainiak oso finantza-emaitza positiboak lortu zituen 2019ko hirugarren hiruhilekoan. EBITDA eta kutxa-sorkuntza, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, +% 2,8 eta +% 8,1 hazi zen, eta horrek bideratu zuen urteko diru-sarreretan eta EBITDAn hazkunde positiboa izatea laugarren hiruhilekoan.

Finantza-merkatuek aitortu dute konpainiaren bilakaera positiboa, eta Euskaltelen akzioaren prezioa % 30 baino gehiago igo zen 2019an: ia hiru aldiz gehiago Espainiako merkatuko erreferentzia-indizea baino. Ondorioz, 2019ko abenduan, Ibex Medium Cap-en onartu zuten Euskaltel -Ibex 35etik kanpoko Espainiako balore-merkatuko 20 enpresa adierazgarrienak biltzen ditu Ibex Medium Cap-ek-.

Euskaltel - Komunikazioa
94-4011229
komunikazioa@euskaltel.com