Edonon telebista-zerbitzua osasun-krisi honetan ospitalean dauden edo egon diren pertsona guztientzat (bezero izan nahiz ez izan) irekitzearen balantzea

Ospitalean egon diren edo dauden 1.000 lagunek baino gehiagok erabili dute Edonon, Euskaltelen doako onlineko telebista-plataforma

  • Zerbitzu honekin, 50 kanal baino gehiago eta eskaripeko milaka eduki ikus ditzakete doan, bai eta grabazioak egin ere, edukiak gero ikusteko.
  • Egun hauetan, batez beste egunean 5,4 ordu ari gara ikusten telebista; ohi baino % 45 gehiago.
  • Zuzeneko telebistako edukien eskaintzan kontsumitutako denbora % 47 hazi da (eguneko 4,5 ordura arte), eta eskaripeko edukien eskaintza, % 32.
  • Telebistako haurrentzako edukien kontsumoak, berriz, % 54 egin du gora, eta familia osoarentzako zinema-edukien kontsumoak, % 55.
  • COVID-19ak sortutako alarma-egoera honetan, bere zerbitzuak normaltasunez eskaintzen jarraitzen du Euskaltelek, eta, gainera, kalitate onena bermatu nahi du.
  • Operadoreak nabarmen handitu du bezeroentzako zerbitzu-maila, isolamendu-neurriak eramaten laguntzeko.

Bilbon, 2020ko apirilaren 15ean. Edonon Euskaltelen onlineko telebista-zerbitzua ospitaleetan doan eskaintzen hasi zenetik 15 egun igaro diren honetan, hau da balantzea: 1.000 aktibazio egin dira. Erregistratzen den pertsona bakoitzak, hau da, aktibazio bakoitzak, 5 gailutan erabil dezake telebista-plataforma (mugikorra, tableta edo PCa). Datu horrek erakusten du Euskaltelek joan den martxoaren 27an martxan jarri zuen ekimenak harrera ona izan duela, eta zoritxarrez egun hauek ospitalean eman behar dituztenek, Euskaltelen bezero izan nahiz ez izan, operadorearen telebista-eduki onena dute eskura.

Guztia TBko edukiak Edonon onlineko telebista-zerbitzuan eskaintzeko moduan ireki zituen Euskaltelek, eta erabiltzaile guztiei eman zaie aukera aplikazio hori doan erabiltzeko, osasun-krisiak irauten duen bitartean.

Hain zuzen, 50 kanal baino gehiago eta eskaripeko milaka eduki ditu Guztia TBak, eta grabazioak egiteko aukera ere bai, edukiak gero ikusteko. Berdin funtzionatzen du bezero direnentzat eta ez direnentzat: mugikorreko aplikazioa deskargatu (Androiderako eta iOSerako dago erabilgarri), eta saioa hasi behar da, hura aktibatzeko jarraibideei jarraituz.

Interneteko bertsio bat ere badu; bertsio horretan sartzeko, www.euskaltel.eus helbidera jo behar dute erabiltzaileek, eta Edononatalean sartu. Wifi-sarearekin nahiz mugikor-sarearekin erabil daiteke, eta une hauek errazago eramaten laguntzen die ospitalean daudenei.

Telebista-kontsumoa handitu egin da

Euskaltelek lanean jarraitzen du konektatuta egon behar duten kolektiboei zuzendutako ekimen erabilgarriak martxan jartzeko, eta konfinamendu-egun hauetan etxean egon behar dutenentzat edo sintomak dituztelako edo gaixotasuna harrapatu dutelako etxean bakartuta egon behar dutenentzat aisialdi-proposamenak egiteko.

Hori guztia telebistaren kontsumoa nabarmen handitu den honetan. Izan ere, Euskaltelek egiaztatu du une honetan telebistaren batez besteko kontsumoa egunean 5,4 ordukoa dela, hau da, ohikoa baino % 45 handiagoa. Gainera, zuzeneko telebistako edukien eskaintzan kontsumitutako denbora % 47 hazi da (eguneko 4,5 ordura arte), eta eskaripeko edukien eskaintza % 32, otsaileko datuekin alderatuta. Bestalde, telebistako haurrentzako edukien kontsumoak % 54 egin du gora, eta familia osoarentzako zinema-edukien kontsumoak, % 55.

Aurreko komunikazioetan bezala, kontuan izanda egun hauetako erabilera ohikoa baino handiagoa dela, Euskaltelek, gainerako operadoreek bezala, gomendio hauek ematen dizkie bere bezeroei zerbitzuaren kalitatea bermatzeko:

- Deitzeko telefono finkoa erabiltzea, etxean baikaude.

- Wifi sare finkoa erabiltzea Internetera sartzeko.

- Lankidetza-tresnak erabiltzea (Skype, Teams, WhatsApp eta abar) ahozko komunikazioetarako.

- Fitxategi handiak bidali beharrean estekak erabiltzea.

- Fitxategi handiak jarduera gutxieneko orduetan deskargatzea.

- Audiokonferentziak egitea bideokonferentzien ordez.

Euskaltel - Komunikazioa

komunikazioa@euskaltel.com