A Contracorriente Films merkatu espainiarrean erreferentzia den zinema-banatzailearekin lortutako hitzarmenari esker

Replayteka eskaripeko bideo-katalogoa indartu du Euskaltelek, doan, 100 zinema-titulu berrirekin

  • Familia guztiarentzako zinema-tituluen sorta handi honekin, konfinamenduak irauten duen bitartean etxean entretenitzeko aukera bat gehiago izango dute ikusleek, lehendik gehitutakoez gainera.
  • "A Contracorriente Film Edition" zinema-saio berezia gaurtik (apirilaren 17a) aurrera dago eskuragarri, deskodetzailea duten bezero guztientzat eta Edonon onlineko telebista-zerbitzua erabiltzen dutenentzat.

Bilbon, 2020ko apirilaren 17an. Euskaltelek etxeko entretenimendu-eskaintza handitzen jarraitzen du, eta, orain, Replayteka eskaripeko bideo-katalogoa 100 zinema-titulu berrirekin indartu du, Espainiako merkatuan erreferentzia den A Contracorriente Films zinema-banatzailearekin lortutako hitzarmenari esker.

"A Contracorriente Film Edition" zinema-saio berezia automatikoki sartzen da Euskaltelen telebista-proposamenean, deskodetzailea duten bezero guztien kasuan, haiek ezer egin beharrik gabe. Genero guztietako 100 zinema-titulu berri (drama, komedia, suspensea...) dituen saio berezia da. Haietako asko zazpigarren artearen jaialdi ezagunenetan saritu dituzte, hala nola Oscarretan. Gaur, apirilak 17, 50 film berri izango dira ikusgai, eta hurrengo asteetan, are gehiago.

Gainera, Euskaltelen bezeroek edozein tokitan eta edozein unetan ikusi ahal izango dituzte zinema-titulu horiek Edonon onlineko telebista-zerbitzuaren bidez.

Entretenimendu-eskaintza zabala eta onlineko telebista-zerbitzua ospitalean daudenentzat

Proposamen horrekin batera, azken hilabetean, zenbait neurri hartu ditu operadoreak bezeroei laguntzeko, hala nola Surf Channel kanala bere telebista-programazioan sartzea, familia osoarentzako hainbat zinema-kanal doan ematea eta haurrentzako kanalak telebistako bezero guztientzat irekitzea, kontratatutako paketea edozein dela ere.

Operadoreak, gainera, ireki egin du Guztia TB bere onlineko telebista-zerbitzuan, Edonon-en, bai bere bezeroek, bai egun hauek zoritxarrez ospitaleetan eman behar dituzten pertsonek aukera izan dezaten telebistako edukirik onenak ikusteko. Edonon zerbitzuak 1.000 aktibazio baino gehiago izan ditu irekian jarri zenetik lehen 15 egunetan, eta 50 kanal baino gehiago eta eskaripeko milaka eduki eskaintzen ditu, eta grabazioak egiteko aukera ere bai, edukiak gero ikusteko.

Telebista-kontsumoa handitu egin da

Euskaltelek lanean jarraitzen du konektatuta egon behar duten kolektiboei zuzendutako ekimen erabilgarriak martxan jartzeko, eta konfinamendu-egun hauetan etxean egon behar dutenentzat edo sintomak dituztelako edo gaixotasuna harrapatu dutelako etxean bakartuta egon behar dutenentzat aisialdi-proposamenak egiteko.

Hori guztia telebistaren kontsumoa nabarmen handitu den honetan. Izan ere, Euskaltelek egiaztatu du une honetan telebistaren batez besteko kontsumoa egunean 5,4 ordukoa dela, hau da, ohikoa baino % 45 handiagoa. Gainera, zuzeneko telebistako edukien eskaintzan kontsumitutako denbora % 47 hazi da (eguneko 4,5 ordura arte), eta eskaripeko edukien eskaintza % 32, otsaileko datuekin alderatuta. Bestalde, telebistako haurrentzako edukien kontsumoak % 54 egin du gora, eta familia osoarentzako zinema-edukien kontsumoak, % 55.

Aurreko komunikazioetan bezala, kontuan izanda egun hauetako erabilera ohikoa baino handiagoa dela, Euskaltelek, gainerako operadoreek bezala, gomendio hauek ematen dizkie bere bezeroei zerbitzuaren kalitatea bermatzeko:

- Deitzeko telefono finkoa erabiltzea, etxean baikaude.

- Wifi sare finkoa erabiltzea Internetera sartzeko.

- Lankidetza-tresnak erabiltzea (Skype, Teams, WhatsApp eta abar) ahozko komunikazioetarako.

- Fitxategi handiak bidali beharrean estekak erabiltzea.

- Fitxategi handiak jarduera gutxieneko orduetan deskargatzea.

- Audiokonferentziak egitea bideokonferentzien ordez.

Euskaltel - Komunikazioa

komunikazioa@euskaltel.com