Interneten erabilera % 15 eta mugikorrarena % 5 jaitsi da, konfinamenduaren lehen asteekin alderatuta

Telefoniaren, Interneten eta telebistaren kontsumoan euskal familiek dituzten erabilera-eredu berriek berresten dute konfinamendua arintzeko fasera egokitzen

  • Interneten erabilera % 15 jaitsi da euskal familien artean puntako orduetan (aldi bereko kontsumo handieneko orduetan), Euskaltelek berretsi duenez.
  • Ildo beretik, mugikorreko datuek ere % 5eko jaitsiera arin bat izan dute puntako orduetan, baina, hala ere, egunean zeharreko erabilera % 120 hazi da (konfinamenduaren aurreko kontsumoa halako bi baino gehiago).
  • Whatsappeko datu-bolumenak % 300eko hazkundearekin jarraitzen du.
  • Adina kontuan izanda, batez ere lau urtetik beherako haurren telebista-kontsumoa hazi da, ohiko kontsumoa halako 9 baita gaur egun.
  • Halaber, Euskaltelek egiaztatu du telebistako eguneroko batez besteko kontsumoa eguneko 5,22 ordukoa dela, ohikoa baino % 44 handiagoa baina duela hilabete baino puntu bat txikiagoa.

Bilbon, 2020ko maiatzaren 12an. Osasun-alarmaren bederatzigarren astean, eta Euskadi konfinamendua arintzeko lehen fasean sartu den honetan, telekomunikazio-zerbitzuen erabileraren datuak aldatuz doaz, herritarren ohitura berrien arabera.

Hala ere, Euskaltelek lanean jarraitzen du bere sarea etengabe martxan edukitzeko eta pertsonen eta enpresen arteko komunikazioen kalitatea bermatzeko. Euskaltelen Sistemen eta Sarearen lantaldeko 800 profesionalek une oro monitorizatzen dituzte datuen trafikoa eta emaria, sarea beharren eta erabileren arabera dimentsionatzeko. Horren guztiaren helburua da erabiltzaile-esperientzia ona izatea familiek, enpresek eta osasun- eta larrialdi-zerbitzuek.

Telefonia- eta datu-trafikoak alarma-egoeran izandako bilakaerak erakusten duenez, azken asteetan herritarrak pixkanaka konfinamendua uzten joan dira, argitaratzen joan diren dekretu berriei kasu eginez.

Interneteko trafikoa % 71 hazi da puntako orduetan; pilatutako trafikoari dagokionez, berriz, % 110 hazi da. Datu finkoen kontsumoa goizetan handitu da gehien, telelanak eraginda, batez ere. Nolanahi ere, Euskaltelek berretsi du azken egunotan % 15 jaitsi dela Interneten erabilera puntako ordu horietan -12:00etatik 14:00etara eta 19:00etatik 00:00etara-. Horrek adierazten du jendea hasi dela kalera irteten -kirola egitera nahiz paseatzera- edo lanera joaten. Erabilera-eredu hau finkatuz gero, normaltasunera itzultzen ari garen seinale izango litzateke.

Izan ere, etxean daudela, familiak datu-sare finkora konektatzen dira wifi bidez, sare mugikorrera konektatu ordez, Interneten nabigatzeko, streaming bidez filmak ikusteko, senideekin edo lagunekin bideokonferentziak egiteko, sareko jokoak partekatzeko edo telelana egiteko.

Mugikor bidezko deiei dagokienez, % 5 jaitsi dira puntako orduetan, nahiz eta konfinamendu aurreko aldiarekin konparatuta eguneko erabilera batez beste % 120 hazi den. Izan ere, senideekin eta lagunekin komunikatzeko erabili dugu.

Whatsapparen erabileraren hazkundeak % 300ekoa izaten jarraitzen du, aurreko konfinamendu-fasean bezala, eta bideokonferentzia bidezko lankidetza-tresnek (Whatsapp, Skype, Teams, Zoom, etab.) % 250eko hazkundea izan dute. Telefono finkoaren erabilerari dagokionez, % 90eko hazkundea izan du.

Halaber, Euskaltelek egiaztatu du telebistaren eguneroko batez besteko kontsumoa egunean 5,22 ordukoa dela, hau da, ohikoa baino % 44 handiagoa. Hala ere, duela hilabete baino puntu bat txikiagoa da kontsumoa, 0 fasean haurrentzat eta haien familientzat paseatzeko eta jolasteko ezarritako irteera-ordutegiak direla eta. Bestalde, haurrentzako telebistako edukien kontsumoak % 48 egin du gora. Adina kontuan izanda, lau urtetik beherako haurren telebista-kontsumoa hazi da gehien, ohiko kontsumoa halako 9 baita gaur egun. Lau urtetik gorakoen telebista-kontsumoari dagokionez, % 29 hazi da, eta % 54 gaztetxoentzako edukiei dagokienez.

Sarearen etengabeko sendotzea eta zerbitzuen arrazoizko erabilera

Euskaltel Taldeko Sistemen eta Sarearen lantaldeek lanean jarraitzen dute sare sendoa eta kalitatezkoa bermatzeko. Horretarako, etengabe ari dira sarea egokitzen, telekomunikazio-zerbitzuei eusteko eta erabilera-esperientzia ona ziurtatzeko. Egunero 24 orduz trafikoak monitorizatzen ari dira, gailurrak identifikatzeko eta dagozkien hedapenak martxan jartzeko.

Konpainiaren sareak normaltasun osoz funtzionatzen du, eta trafiko-gehikuntza handiak ahalbidetzen ari da, aparteko gorabeherarik gabe.

Egoera berezi honek agerian uzten du zeinen garrantzitsua den telekomunikazio-zerbitzuetan eta haien euskarri diren sare-azpiegituretan inbertitzea; izan ere, orain, osasun-krisi honetan, estrategikoak izaten ari dira.

Euskaltel - Komunikazioa

komunikazioa@euskaltel.com