Euskaltel, Euskaditik mundura

"Eskerrik asko Euskadirentzat komunikazio-operadore bat sortzea pentsatu zutenei, beren laguntzarekin asmo hori hezurmamitu zuten bazkideei, egunero amets hori gauzatzen duen lantaldeari... eta euskal herritar guztiei. Haiek dira gure izatearen arrazoia". Horixe dago idatzita Euskaltelen Bizkaiko Parke Teknologikoko egoitzako sarreran dagoen harrizko monolitoan.

Asmo-adierazpen horrek gidatu du operadorearen 25 urteko ibilbidea. 1995eko uztailaren 3an eratu zen ofizialki, Espainiako estatuan telekomunikazioen merkatua liberalizatu ondoren. Hasieran, ospe eta enpresa-sendotasun handiko akziodunak izan zituen bultzatzaile, hainbat sektoretan lider zirenak, hala nola euskal aurrezki-kutxak eta Eusko Jaurlaritza. Handik gutxira, Iberdrola, Mondragon Taldea, Endesa eta Telecom Italia elkartu zitzaizkien, -azken hori bazkide teknologiko gisa-.

Euskadiko telekomunikazioen mende laurdeneko kronologia

Lehen hiru urteetan, 1995ean eratu zenetik 1998ra arte, erakunde erregulatzaileen erabakien zain zegoen proiektu bat egitera bideratu ziren Euskaltelen ahaleginak. Hiru urte geroago, Telekomunikazioen Liberazioaren 12/1997 Legea onetsi ondoren, zeinak lehia askea bultzatzen baitu, lehen zerbitzua merkaturatu zuen Euskaltelek, 1998ko urtarriaren 23an. 050arekin, zeharkako sarbideko telefonia-zerbitzua estreinatu zen: 050 aurrezenbakia markatu behar zen Euskaltel operadore gisa aukeratzeko, probintzia arteko eta nazioarteko deiak egiteko. Orduantxe hautsi zen Espainiako telefonia-arloko 80 urteko monopolioa. Lehen egunean 20.000 dei jaso zituen, hilabete batean 60.000 bezero izan zituen, eta maiatzean Euskaltelek merkatu-kuotaren % 11 lortu zuen, 100.000 erabiltzailerekin.

1998ko maiatzean jarri zen martxan, halaber, telefonia finkoko (eta, ondoren, telefonia mugikorreko) bezeroentzat Interneten doan sartzeko zerbitzua. Ordurako definitua zegoen Euskaltelek telekomunikazioetako operadore konbergente gisa zuen balio-proposamena, eta, gainera, Euskal Autonomia Erkidegoan doako sarbidea eskaintzen zuen estatuko lehen operadorea izan zen. Gaur egun, operadore guztiek eskaintzen dute Interneterako doako sarbidea.

Urtebete geroago, 1999ko urtarrilaren 25ean, mugikor-zerbitzua merkaturatu zen, eta, maiatzean, kable bidezko telebista digitalarena. Jarduera handiko urteak izan ziren, eta, proiektuarekin konprometitutako bazkideak bazituen ere, ia ezerezetik abiatuta nazioartean punta-puntakoak ziren konpainiekin lehiatzea helburu zuen enpresa bat sortu zen. Profesional-talde bat osatu zen, sarea eta sistemak planifikatzeko eta garatzeko lan teknikoak egin, produktu ugari merkaturatu, marka sortu... Eta hori guztia egitea ezinezkoa zatekeen Euskaltel osatzen zuen giza talde osoaren konpromisoa izan gabe.

Ibilbide kronologikoari jarraikiz, 2001eko urtarrilean, herri eta hiri barruko deiak egiteko aukera eman zuen Euskaltelek (zeharka hautatu behar zen, 1050 zenbakiaren bidez). Zerbitzu hark arrakasta handia izan zuen -15.000 bezero berri lehen hilabetean- eta horretan zerikusi handia izan zuen orduan egin zen publizitate-kanpainak: "Patxi" zuen izena, eta, sari ugari jasotzeaz gain, arrakasta handia lortu zuen orduko gizartean. Bere historian Euskaltelek egin dituen publizitate-kanpaina guztietan agertu dira originaltasuna eta umorea.

Gero, zerbitzu aurreratuak iritsi ziren, Euskaltelen historiako une bakoitzean bezeroek eskatu dituzten erabilera berrietara egokitzen zirenak. Hala, 2004an, Euskaltel izan zen telebista interaktiboa merkaturatu zuen lehen operadorea, eta 2014an Edonon aurkeztu zuen, gailu anitzeko telebista berria. Orduz geroztik, Euskaltelen telebista edozein tokitan eta edozein ordutan ikus daiteke, ordenagailuan, tabletan edo smartphonean.

Gaur egun, kalitatezko telebista eskaintzen du Euskaltelek, zuntz optikoaren bidez. Bi harpidetza-modalitate ditu: Aisia TB eta Guztia TB, 90 eta 120 kanalekin, hurrenez hurren. Edukiei dagokienez, telesailak, dokumentalak, kirola, zinema, musika eta gazteentzako saioak eskaintzen dituzte, besteak beste. Eta horri gehitu behar zaizkio Android TV duen 4K deskodetzailearen funtzionalitateak eta zerbitzuak, erabiltzaile guztiek telebistaren munduak eskaintzen dituen erabilera berriez goza dezaten. Zerbitzu hauek eskaintzen dira, besteak beste: Replay zerbitzua (erabiltzaileak telebista nahi bezala kontrola dezake, eta programa hasieratik ikus dezake hasita egonda ere), Replayteka (familia osoarentzako milaka eduki, nahieran), Ez Zenuen Ikusi (Euskaltelek zazpi egunez gordetzen ditu programak, berreskuratu eta ikusi ahal izateko), eta bilatzeko eta grabatzeko aukerak.

Horietaz gain, aplikazio pila bat eskaintzen ditu, hala noa Netflix eta Amazon Prime Video. Horiek guztiek erabilera berri bat sortzen dute, erraza eta intuitiboa, edozein eduki ikusleak nahi duenean ikusteko aukera ematen duena.

Euskal bezero gehienek Euskaltelen TBko eskaintzaren alde egiten jarraitzen dute, merkatuko kalitate-prezio erlaziorik onena baitu. Hori dela eta, Telebista Digitaleko liderra da Euskadin.

Wifi-sarea, leku guztietan konektatuta egoteko

2006an beste mugarri historiko bat izan zen Euskaltelen bilakaeran: sare propioa duen telefonia mugikorreko operadore independente bihurtu zen. Zerbitzu guztiak bere sare finko eta mugikorraren bidez eskaintzen zituen lehen operadorea izan zen.

Euskal Herri osoan hedatutako zuntz optikozko sareak eskaintzen dituen aukerez baliatuta (telefonia finkoa eta mugikorra, Banda Zabaleko Internet eta Telebista Digitala eskaintzeko aukera ematen du sare horrek), Euskaltelen WiFi jarri zen martxan 2015ean, wifi-teknologia erabiltzen duten konexio-puntuen sare bat. Euskadiko telekomunikazio-operadore liderrak, horrela, merkatuaren behar nagusietako bati erantzun zion; izan ere, erabiltzaileek toki guztietan egon nahi dute konektatuta, datu mugikorren bonuen mugarik gabe.

Gaur egun, wifi bidezko sarbide-puntuen sare handiena (180.000 puntu Euskadin) eta mugikorren eskaintza erakargarria ditu Euskaltelek; maiztasun propioak ditu 2,6 GHz-eko LTE/4G bandan, eta, horri esker, merkatuko banda zabaleko mugikorreko sare osoena du (wifi-sarea+4G+3G). Mugikorreko zerbitzuen alde egindako apustu estrategikoaren erakusgarri dira ekintza horiek. Haiei esker, abiadura handian nabiga daiteke, gauden tokian gaudela ere, zuntz optikozko sarearen bidez.

2015. urtean, 20. urteurrenean, merkatu jarraituan kotizatzen hasi zen Euskaltel. Konpainia burtsara ateratzeak aukera ematen zion telekomunikazioen sektorean zuen hazkunde-estrategiari eusteko, eta, era berean, frogatzen zuen inbertitzaileentzat interesgarria zela, merkatuan lidergoa baitzuen, eta hazteko potentzial handia.

2019an, Taldearen akziodun garrantzitsu batek, Zegona talde britainiarrak, Euskaltelen kapitalean zuen partaidetza handitu zuen, eta taldeko akziodun nagusia bihurtu zen. Hura izan da hazkunde-estrategiaren burua. Orduz geroztik, Euskaltel Taldeak Espainia osora hedatzeko ibilbide-orri bat jarri du martxan.

Euskaltel gaur

Operadore gisa jaio zenean zeharkako sarbidearen bidez deiak eskaintzen hasi, eta enpresei eta etxeei telekomunikazio-zerbitzu aurreratuak eskaintzera iritsi da Euskaltel. Liderra da telefonia mugikorrean, harpidetza bidezko telebista digitalean eta Banda Zabaleko Interneten, bere lurralde tradizionaletan.

IKTetako soluzioak eskaintzen ditu konpainiak bezeroen komunikazio-ziklo guztirako, zerbitzu teknologikoen aukera zabal baten bidez: Internet, telefonia finkoa, telefonia mugikorra, telebista digitala, banda zabala, eraldaketa digitaleko prozesuak, adimen artifiziala, IoT soluzioak (gauzen Internet), smart cityetarako soluzioak eta 4.0 industria.

25 urteotako konpromisoa eta erantzukizun soziala

Euskal gizartearekin batera hazi da Euskaltel, eta bere zerbitzu eta produktu teknologikoak eskaini dizkio gizarteari, unean-unean zituen telekomunikazio-beharrei erantzuteko. Lorpen handia da hemengo enpresa batek halako lidergo-maila eskuratu izana, are gehiago ekonomiako sektorerik konpetitiboenetako batean, eta nazioarteko operadore handienetakoak aurrean dituela.

Euskal gizartearekin duen konexioari esker lortu du Euskaltel taldeak lortu duen guztiaren zati handi bat, eta konexio horren erakusgarri dira Euskaltelek urte hauetan hainbat arlotan egindako lankidetzak, babesletzak eta emandako laguntzak. Horri esker, herriari, pertsonei, elkarteei, eta gizarte-, kultura- eta enpresa-arloko kolektiboei lotutako marka bat eraiki du, betiere euskara izanik bere bezeroekin komunikatzeko bidea.

Eta, gizarte-erantzukizuneko tresnen artean, ezin da ahaztu Euskaltel Fundazioa, zeina 1999an sortu baitzuen IKTen erabilera-esparruan pertsonen, enpresen eta ekimenen arteko konexioa eta harremana sortzen eta sustatzen laguntzeko. Horren adierazgarri da Encounterren sarea, zeina urte hauetan guztietan osatuz joan baita Euskadin eta, berriki, baita Galizian ere.

Euskaltel-Euskadi eta Marea Laranja

Gizartearekiko erantzukizun horren beste elementu bat ?Marea Laranja? sortzea izan da; 2000. urtean sortu zen, lasterketa handietan Euskaltel-Euskadi taldeari babesa emateko. Txirrindulari-taldearen kirol-garaipenek bezainbesteko poza ematen zuen errepide-bazterrak laranjaz jantzita ikusteak. Marea Laranjak txirrindularitzarekiko zaletasuna eta Euskaltel-Euskadi txirrindulari-taldearen 19 urteko babesletza ditu oinarri. Eta babesletza hori berreskuratu egin da aurten, 6 urteko etena egin ondoren. Eta zaleak zain zeuden; izan ere, Euskaltel-Euskadi oso talde berezia da, Euskadiren bihotzean ditu sustraiak, eta ahaleginaren, sakrifizioaren, zintzotasunaren, konpromisoaren, lehia garbiaren eta talde-lanaren balioak ordezkatzen ditu.

Aurten, Marea Laranjaren lotura emozionala suspertu egin da, nahiz eta COVID-19aren pandemiak eraginda lasterketa asko atzeratu egin diren. Horretarako, sentimendu kolektibo hori eta euskara ardatz dituzten elastikoak eskuratzeko aukera eman die Euskaltelek bere bezeroei.

Euskaltel - Komunikazioa

komunikazioa@euskaltel.com