Euskaltelek garaiz bete ditu Sozietate Kotizatuen Gobernu Onaren Kodearen gomendioak

  • Euskaltelen Ohiz Kanpoko Batzar Nagusiak Beatriz Mato eta Ana García Fau izendatu ditu kontseilari independente.
  • Izendapen horiek bidez, Euskaltel Taldeak Gobernu Korporatibo Egokiaren arauak egokitzeko eredu aurreratuenei heldu die bere Administrazio Kontseiluaren egituran, osaera paritarioaren alde eginez -% 40 emakumezkoak- eta kontseilari independenteak sartuz bere Administrazio Kontseiluan, eta Kontseiluko kideen kopurua 10era murriztuta.
  • Gaur goizean izan da Akziodunen Ohiz Kanpoko Batzar Orokorra, modu telematikoan, eta gehiengo handi batez onetsi dira izendapen berri hauek. Izendapenen helburua da trantsizio digitalean konpainiak duen lidergoa indartzea eta Plan Estrategikoaren helburuei erantzutea, Espainiako merkatuan zabalduz hazteko eta bere betiko merkatuetan duen presentzia indartzeko.

Derion, 2020ko irailaren 29an. Euskaltelen Ohiz Kanpoko Batzar Orokorrak gehiengo zabal batez onartu du, gaur goizean, Administrazio Kontseiluaren proposamena, Ana García Fau eta Beatriz Mato konpainiako gobernu-organoko kontseilari independente izendatzea. Euskaltel Taldeak aurre hartu die Gobernu Korporatibo Egokiaren eredu aurreratuenei, osaera paritarioaren alde eginez -% 40 emakumezkoak- eta kontseilari independenteak sartuz bere Administrazio Kontseiluan.

Ana García Fau eta Beatriz Mato berretsi egin dituzte enpresako kontseilari kargua betetzeko, kontuan hartuta haien profil profesionala eta esperientzia zabala eta telekomunikazioen sektorean dituzten ezagutzak, bai hurbileko inguruan, bai estatuan eta nazioartean.

Izendapen horiek une erabakigarrian datoz, Euskaltel Taldeak datozen bost urteetarako plan estrategikoa onartu berri baitu eta arrakastaz hasi baita estatuko merkatura hedatzen. Kontseilari izendatu berriek profil egokia dute konpainiaren bilakaeraren fase berriari ekiteko, konpainiak bere berezko merkatuetan dituen marka tradizionalak are gehiago sustraitzeko eta asko zabaltzen ari den estatuko merkatura iristeko, trantsizio digitalean duen lidergoa indartzen duen aldi berean.

Alde horretatik, Beatriz Matok Galiziako enpresa- eta erakunde-sarean duen esperientzia eta jakintza zabalari esker, Taldeak merkatu horretan duen galiziar-profila indartuko du, R markaren bidez. Ana García Fau, berriz, izen handiko profesionala da, ibilbide eta esperientzia zabala duena enpresa-zuzendaritzan; gainera, kontseilari izan da nazioartean erreferente diren sektoreko hainbat konpainiatan, kotizatu zein ez-kotizatuetan.

Administrazio Kontseiluko kideak 10era jaistea

Bestalde, Gobernu Korporatiboaren arloko gomendioak aintzat hartuta, hala nola funtzionamendu eraginkorra lortzea, kontseilari guztiek parte-hartze aktiboa izatea eta erabakiak hartzeko azkartasuna ahalbidetzea, Euskaltelen Akziodunen Batzar Nagusiak kide-kopurua murriztea adostu du, eta hamar lagun izango ditu hemendik aurrera.

Batzarraren bi erabakiekin -bi kontseilari independente izendatzea eta Administrazio Kontseiluko kideen kopurua hamarrera murriztea-, Sozietateko Administrazio Kontseilua 10 kidez osatua geratu da: 4 kontseilari dominikal, 4 kontseilari independente, kontseilari exekutibo bat eta kanpoko kontseilari bat.

Orain arte, Administrazio Kontseiluak 11 kide zituen, baina haietako hiruren agintaldia amaitu da. Elisabetta Castiglioni, José Ángel Corres eta Miguel Ángel Lujuaren kasua da hori. Ohiz Kanpoko Batzarrean, berariaz eskerrak eman zaizkie kargua utzi duten kontseilariei, karguan egon diren bitartean egin duten lanagatik.

Kontseilari berriak izendatuta eta Administrazio Kontseiluko kideen kopurua 10era murriztuta, honela osatuta geratu da Euskaltelen Administrazio Kontseilua:

- Xabier Iturbe Otaegi (lehendakaria; kanpoko kontseilaria).

- José Miguel García Fernández (kontseilari delegatua; kontseilari exekutiboa).

- Eamonn O'Hare (kontseilari dominikala).

- Robert W. Samuelson (kontseilari dominikala).

- Kartera 1 SL, Alicia Vivanco Gonzálezek ordezkatua (kontseilari dominikala).

- Corporación Financiera Alba SA, Javier Fernández Alonsok ordezkatua (kontseilari dominikala)

- Belén Amatriain Corbi (kontseilari independentea).

- Iñaki Alzaga Etxeita (kontseilari independentea).

- Beatriz Mato Otero (kontseilari independentea).

- Ana García Fau (kontseilari independentea).

- José Ortiz Martínez, idazkari ez-kontseilaria.

- Cristina Sustacha Duñabeitia, idazkariorde ez-kontseilaria.

Administrazio Kontseiluaren osaera horrekin, Euskaltelek sozietate kotizatuetarako gobernu onaren arauak zuzentzen dituzten oinarriak sartu ditu eta aurrea hartu die -Sozietate Kotizatuen Gobernu Onaren Kodearen 15. gomendioa, 2020ko ekainaren 26ko CNMVren berrikuspenarekin bat etorriz-; Kontseiluko kideen % 40 emakumeak dira, eta kontseilari independente eta dominikalen ordezkaritza orekatua ere badu.

Eskarmentu handia estatuan eta nazioartean

Ana García Fau profesional ezaguna da; ibilbide luzea du eta esperientzia du enpresen zuzendaritzan, eta aholkularia da nazioartean erreferente diren hainbat konpainia kotizatu nahiz kotizatu gabeetan.

Zuzenbidean eta Ekonomia eta Enpresa Zientzietan lizentziatu zen Comillasko Pontifize Unibertsitatean, ICADEn (E-3, finantzetako espezialitatea). Enpresa Administrazioko master bat ere lortu zuen Massachusettseko MIT Sloan School of Management-en.

Horrez gain, beste erakunde batzuen artean, Salesforce enpresa teknologikoaren EMEAko, Pictet-en Espainiako eta Abokatutzaren Mutualitateko Aholkularitza Kontseiluko kidea da.

Esperientzia handia du telekomunikazioen sektorean, eta erantzukizuneko zenbait lanpostu izan ditu Telefónica Taldean. Ardura exekutiboko hainbat zeregin bete zituen TPI-Páginas Amarillas enpresan, finantzetako zuzendari nagusi eta Garapen Korporatiboko zuzendari nagusi gisa. Yell/Hibun Espainiako, Latinoamerikako eta AEBko merkatu hispanoko kontseilari delegatua izan zen, nazioarteko Batzorde Betearazleko kide, eta Garapen Korporatiboko eta Estrategia Globaleko zuzendari nagusi.

Sektore horretan esperientzia izan aurretik, McKinsey & Company-n eta Goldman Sachs-en hasi zuen ibilbide profesionala.

Ana García Fau kontseilari independentea da Merlin Properties SA, Gestamp Automoción SA eta Eutelsat SA sozietate kotizatuetan, eta Finerge SA sozietatearen presidente ez-exekutiboa.

Beatriz Mato Otero industria-ingeniaria da, Enpresa Antolakuntzako espezialitatean (Bilboko Industria Ingeniarien Goi Eskola), eta Enpresa Zuzendaritza eta Administrazioko MBA masterra du (A Coruñako Unibertsitateko Negozio Eskola). Gainera, Sozietateen Gobernu Egokiaren ziurtagiria lortu zuen Kontseilarien eta Administratzaileen Institutuan.

Beatriz Matok 30 urteko ibilbide profesionala egin du enpresa pribatu eta publikoetan. Zenbait enpresa-proiektu gidatu ditu teknologien sektorean, eta ETE-en eta multinazionalen aholkularitzan. Kudeaketa publikoan ere aritu da, Galiziako Gobernu Autonomikoko sailburu gisa.

Ibilbide zabala du aholkularitza espezializatuaren sektorean, kalitateko sistemen ezarpenaren alorrean, bai eta berrikuntzaren sektorean ere. IBM España enpresaren sistemen teknikari gisa ekin zion bere ibilbide profesionalari (1989-1991); gerora, zerbitzu informatikoetako teknikari komertzial gisa jardun zuen Rank Xerox-en (1991-1993); eta, aurrerago (1993-1995), kalitateko ingeniari gisa Norcontrol ingeniaritzan (gaur egun, Applus).

Esperientzia luzea du kudeaketa publikoan ere, Galiziako Gobernu Autonomikoko sailburu gisa; lehenengo, 2009tik 2015era, Lan eta Ongizateko sailburu izan zen, eta, gero, 2015etik 2018ra, Ingurumen eta Lurralde Antolaketako sailburu. Horrek aukera eman dio Galiziako enpresa- eta gizarte-ehuna ondo ezagutzeko. Era berean, 2002tik 2005era, Arrantza Saileko ordezkari probintziala izan zen.

Sogaserso SA sozietate anonimoko lehendakari izan zen 2009an eta 2010ean, eta, 2009tik 2018ra, Galiziako hainbat erakunde publikotako administrazio-kontseiluetako kide, hala nola A Coruñako Portuko Agintaritzan, Ferrol - San Cibraoko Portuko Agintaritzan eta Ekonomia Sustapeneko IGAPE Institutu Galegoan.

Gainera, IGAPEren Berrikuntza Sailaren buru zelarik, 1995etik 2000ra bitartean, Galiziako zenbait enpresari informazioaren teknologietan eta aholkularitza-zerbitzuetan laguntzen jardun zuen, aholkularitza ekonomiko-finantzarioa, nazioartekotzeko zerbitzuak eta ekintzailetzari laguntzeko zerbitzuak eskainiz.

2020ko otsailetik, Garapen Korporatiboko eta Jasangarritasuneko zuzendaria da Greenalia energia berriztagarrien enpresan.

Euskaltel - Komunikazioa

komunikazioa@euskaltel.com