25 milioi euro ordainduko dizkie akziodunei

  • Konturako dibidenduaren banaketa atzo egindako bileran onartu zuen Euskaltel Taldearen Administrazio Kontseiluak.
  • 25 milioi euroko konturako dibidendua 2021eko otsailaren 12an ordainduko zaie akziodunei.

Bilbon, 2020ko abenduaren 16an. Euskaltel Taldearen Administrazio Kontseiluak, atzo egindako bileran, aho batez onartu zuen 2020ko ekitaldiaren emaitzen konturako dibidendu bat ordaintzea, zirkulazioan den eta jasotzeko eskubidea duen akzio bakoitzeko 0,14 euro gordinekoa.

Operadoreak 25 milioi euro ordainduko dizkie akziodunei, guztira, konturako dibidendu horren kontzeptuan, eta 2021eko otsailaren 12an jasoko dute dirua akziodunek.

Dibidenduak banatzen diren bosgarren urtea da, jarraian, 2015ean konpainia Burtsara atera zenetik. Halaber, dibidendu-banaketak erakusten du Taldeak betetzen duela akziodunei ordaintzeko politika jasangarri eta gorakorrari eusteko konpromisoa, eta indartu egiten du inbertitzaileentzako balioa sortzeko helburua.

2021ean egitekoa den Akziodunen Batzar Orokorrean erabakiko da, Administrazio Kontseiluak proposatuta, zenbatekoa izango den 2020ko emaitzen konturako azken dibidendua.

Konpainiak oso finantza-egoera sendoan itxi du urteko hirugarren hiruhilekoa, % 24,5 hazi baita emaitza garbia, eta markak hautsi ditu berriz bezero-kopuruaren hazkundean. Aurreko hiruhilekoetan erregistratutako hazkunde-bidea indartu dute emaitzok, eta bat datoz ekitaldi honetarako bere plan estrategikoko helburuak betetzearekin.

Gainera, 2020ko maiatzaren 20an, Euskaltel Taldea Espainia osoan zabaltzen hasi zen Virgin telco markarekin, eta arrakasta handia izan du, zabaltzen hasi eta sei hilabetera 60.000 bezero inguru lortu baititu; hala, ekitaldi amaierarako aurreikusitako helburu guztiak gainditu ditu.

Euskaltel - Komunikazioa

komunikazioa@euskaltel.com