• Dohaintzaren sustatzaileak hauek dira: SD Eibar; Euskaltel; Energy Advanced Engineering Fundazioa; eta ARAMCO, energian munduko lider den enpresa.
  • Lankidetza-hitzarmenaren arabera, 81 ordenagailu eta datu-SIMa duten haririk gabeko 98 bideratzaile emango zaizkie Cruz Roja, Cáritas eta Agintzari erakundeei, haiek arduratzen baitira Durangaldean eta Debabarrenean gailu horien beharrean diren familiak identifikatzeaz.
    COVID-19ari erantzun globala emateko duten planaren parte da dohaintza. Plan horri esker, 300.000 euro baino gehiago bildu dira Euskal Autonomia Erkidegoko osasunaren, elikaduraren eta hezkuntzaren arloko ekimen sozial eta asistentzialetarako.

2020ko abenduaren 22a. Eibar Kirol Elkartea, SD Eibar Fundazioaren bidez, Euskaltel, Energy Advanced Engineering Fundazioa eta ARAMCO munduko energia-enpresa liderra elkartu egin dira COVID-19aren aurkako borrokan, hezkuntzako eten digitala murrizteko xedez. Ehun bat ekipo informatiko eta haririk gabeko konexio emango dizkiete erakunde horiek Gurutze Gorriari, Cáritasi eta Agintzariri, eta, hala, urrutiko irakaskuntzaren kalitatea ziurtatu nahi diete beharrezko baliabide teknologikorik ez duten Durangaldeko eta Debabarreneko familiei.

COVID-19ak eragindako osasun-krisiak aurrekaririk gabeko eragina izan du eremu guztietan. Hezkuntzaren arloan, pandemia horren lehen olatuak ikastetxeak ixtea eragin zuen, eta horrek areagotu egin zuen errenta txikiko edo baliabiderik gabeko familien eten digitala.

SD Eibarrek, Euskaltelek, Energy Advanced Engineering Fundazioak (TUBACEX, TUBOS REUNIDOS, AMPO eta VICINAY MARINEk osatua) eta ARAMCOk lankidetza-hitzarmen bat sinatu dute, eta, haren bidez, 81 ordenagailu eramangarri eta datu-SIMa duten hari gabeko 98 bideratzaile eman dizkiete Gurutze Gorriari, Cáritasi eta Agintzariri; erakunde horiek arduratzen dira halako gailuen beharrean diren eta onuradun izan daitezkeen familiak identifikatzeaz, haietako seme-alabek etxean onlineko irakaskuntza jasotzen jarrai dezaten. Familia horietatik gehienek ez dute Interneterako sarbidea duen gailurik etxean, eta, hitzarmen honi esker, lagapen bitartezko gailuak izango dituzte ikasturtean.

Amaia Gorostizak, SD Eibarreko lehendakariak, hau adierazi du: "Pandemia hasi zenetik orain arte egin dugun bezala, Eibar Kirol Elkartea, SD Eibar Fundazioaren bidez, bere esku zegoena ematen saiatu da gehien behar dutenei laguntzeko. NBEak, PCR testak eta antigeno-testak bidali ditugu ospitaleetara eta egoitzetara, eta familia ahulenei lagundu diegu material teknologikoarekin, etxeko txikiek urrutiko hezkuntzarekin jarraitzeko modua izan dezaten. Hitzarmen honi esker, beste urrats bat egin dugu; izan ere, Euskaltel, Energy Advanced Engineering Fundazioa eta ARAMCO enpresa handien laguntza izango dugu, eta, haien elkartasunari eta ahaleginari esker, familia gehiagorengana iritsiko gara. Guretzat, ezin bestela izan, benetan pozik eta harro egotekoa da haien laguntza izatea".

Euskalteleko presidente Xabier Iturbek, berriz, hau adierazi du: "Gure gizarteko familia pobreenei onura ekarriko dieten proiektuetan parte hartzeko konpromisoa hartu du konpainiak; kasu honetan, haurrek eta gazteek gainerako ikasleen baldintza beretan prestakuntza jasotzen jarrai dezaten. Proiektu bateratu honi egin diogun ekarpenarekin, telekomunikazioen arloan aukera-berdintasuna sustatzeko eta osasun-krisi honek gizartean eragin dezakeen arrakala soziala ezabatzeko helburuari jarraitzen diogu".

Pandemia hasi zenetik operadoreak egindako beste ekintza batzuk ere gogoratu ditu, zeinetan tokiko beharrei modu solidarioan lagundu baitie, praktikan gauzatuz "Teknologia, pertsonen bidez eta pertsonentzat" lema: SIM txartelak ematea, modemak, tabletak, mugikorren kargagailuak eta egoitzetarako doako telefonia-lineak, besteak beste.

Jesús Esmorís EIC-Energy Advanced Engineering Fundazioko presidentearen aburuz, ekimen honek "funtsezko alderdi batean jartzen du arreta, aukera ematen baitu oztopo teknologikorik gabeko hezkuntza bat izateko". Era berean, enpresek COVIDaren ondoko indarberritze-prozesuan duten garrantzia azpimarratu du. "Aurreikusi ezin zen krisi bati aurre egin behar izan diogu, baina krisiaren ondorioek gure udalerrietako ekonomiaren eta gizartearen indarberritzearen parte aktibo bihurtu gaituzte" adierazi du Esmorisek.

Aipatutako gailuak ematea COVID-19ari erantzuteko EAEn ARAMCOk bultzatutako eta Energy Advanced Engineering Fundazioaren bidez (TUBACEX, TUBOS REUNIDOS, AMPO eta VICINAY MARINE enpresek osatua) kanalizatutako plan globalaren barruan sartzen da. Bildutako dirua, 300.000 eurotik gora, osasunaren, elikaduraren eta hezkuntzaren arloetako hainbat ekimen sozial eta asistentzialetara bideratu da. Haien artean, nabarmentzekoak dira arrisku-egoeran dauden kolektiboei maskarak ematea; Bizkaiko, Arabako eta Gipuzkoako elikagai-bankuei 30.000 euro baino gehiago ematea; SARS-COV-2ak arnasbideetan eragiten duen hantura oxido nitrikoa (eNO) neurtuz monitorizatzeko gailu bat finantzatzea; eta Biocruces Bizkaia Bizkaiko Ikerketa Sanitarioaren Institutuak garatu beharreko COVID-19aren prebentziorako proiektu bat finantzatzea.

Euskaltel - Komunikazioa

komunikazioa@euskaltel.com