Euskaltelek datu korporatiboak ongi kudeatzen ikasteko lantegi birtual bat antolatu du enpresentzat

  • Gaur goizeko lantegi digitalean, Alberto Díaz Freire Euskaltel Taldeko enpresetarako Eraldaketa Digitalaren arduradunak korporazioetako datu-kudeaketa kalitatezkoa dela bermatzeko gakoak aletu ditu enpresetako 80 profesional eta zuzendariren aurrean.
  • Alberto Rezola DATU (A) enpresako Datuen Ustiapenaren arduradun eta bazkideak zera nabarmendu du topaketa birtual honetan: "datuen gobernuak araudia betetzen laguntzeko eta datuok modu seguru, egiazko eta eraginkorrean ustiatzen laguntzeko politikak ezartzen ditu."
  • "Data driven" motako enpresa baten oinarriak eta datu korporatiboen gobernua eta kudeaketa antolatzeko behar diren tresnak aztertu dituzte, besteak beste.
  • Euskaltelek euskal enpresei beren digitalizazio-prozesuetan laguntzen jarraitzen du, lehiakorrak izaten jarraitu dezaten maila guztietan eta munduko edozein agertokitan.
  • Gaurko jardunaldia oso praktikoa izan da, eta parte-hartzaileekiko interakzio handia eragin du. Euskaltel Taldearen "The Tech Experience" izeneko eraikin birtualean egin da, hori baita adituen eskutik azken joera teknologikoez eta aukerez hitz egiteko eta gogoeta egiteko negozioentzako dugun topagunea.

2021eko apirilaren 20a. Gaur goizean egindako lantegi praktikoa, "Datu korporatiboen gobernua eta ustiapena" izenekoa, topaketa digitalen miniziklo baten lehen zatia da; izan ere, beste saio bat egingo da maiatzean, digitalizazio-prozesuan dauden erakundeetan garrantzi handia duen gai horretan sakontzen jarraitzeko.

Euskaltelek antolatutako lantegi honetan, Alberto Díaz Freire Euskaltel Taldeko enpresetarako Aliantzen, Gauzen Interneten eta Eraldaketa Digitalaren arduradunak eta Alberto Rezola DATU (A) enpresako Datuen Ustiapenaren arduradun eta bazkideak hartu dute parte. Aditu biek nabarmendu dute zein garrantzitsua den datuen aldeko eta haien ustiapenaren aldeko apustu argia egitea enpresen digitalizazio-estrategiaren barruan.

"The Tech Experience" plataformaren auditorio birtualean, 80 enpresa-profesional eta -zuzendari izan dira, eta hainbat gauza ikasi dituzte, hala nola zer arkitektura dauden gaur egun datuak konbinatzeko, ondo biltegiratzeko (gero ustiatzeko) eta zer gobernu-tresna eskuratu behar diren informazio korporatibo horren kalitatea hobetzeko, kudeatzeko eta bermatzeko eta informazioa zuzen aprobetxatzeko.

Eskuratzea, prestatzea, integratzea eta gobernua

Datuaren gobernu-prozesuak zenbait fase ditu nahitaezkoak, eta zehatz-mehatz azaldu dituzte bozeramaleek:

- Eskuratzea. Edozein datu-mota eskuratzea, denbora errealean, 'sortaka' edo 'multzoka' (batch), integratuta, automatizatuta eta optimizatuta.

- Prestatzea eta biltegiratzea. Datuak erauzi, kargatu eta eraldatzea eta sistemetan epe labur eta luzera integratu eta biltegiratzea, gero ustiatu ahal izateko prest egon daitezen.

- Datuen gobernua, administrazio-tresnen bidez. Datuen kalitatea hobetzea eta bermatzea, gero zuzen aprobetxatu edo ustiatzeko.

Ildo horri jarraikiz, Alberto Díaz Freirek azpimarratu du garrantzitsua dela enpresek datuen inguruko estrategia berriak garatzea: "Enpresek gaur egun dituzten biltegiratze-sistemak ez dira nahikoak. Estrategia berri bat garatu behar dute. 'Multzotan' biltegiratutako informazioa gobernatzen zaila izaten da, eta etengabe aldatuz doa; horregatik, nahitaezkoa da arkitektura eta teknologia berriak erabiltzea, beharrezko datu guztiak konbinatu, egoki biltegiratu eta ustiatzeko aukera emango dutenak, eta orobat da nahitaezkoa gobernu-tresna egokiak izatea informazio horren kalitatea kudeatu eta bermatzeko eta zuzen aprobetxatzeko".

Alberto Díazek azaldu duenez, korporazioetako datuak kudeatzeko, zeinak gero eta gehiago baitira,beharrezkoa da "Gauzen Internet, big data edo ikaskuntza automatikoaren tankerako teknologiak eta plataformak erabiltzea eta horiei buruzko ezagutza eta goi-mailako gaitasunak dituzten langileak izatea. Euskaltelek enpresen eta administrazioen alde egin nahi du, behar duten teknologia izan dezaten eta, prozesu horren guztiaren ondorioz, benetako onurak izan ditzaten lehenengo unetik. Datuen ustiapenaren alde egin beharra dago, enpresen digitalizazio-prozesua biribildu ahal izateko".

Alberto Rezolak, bestalde, datuak kondizio egokietan gordetzearen garrantzia azpimarratu du: "Azken urteetan ikusten ari garen bezala, datuak petrolio berria dira, eta funtsezko aktibo bihurtu dira erakundeentzat; beraz, enpresek datuen birfindegi edo lantegi bat behar dute, datu guztiak kontrolatu eta ondo eta eraginkortasunez ustiatzeko. Ustiapen horren emaitza datuen kalitatearen eta egiazkotasunaren araberakoa izango da. Datuak zuzenak ez badira, eguneratuta ez badaude edo desantolatuta badaude, ezin izango da informazioa zuzen aprobetxatu, eta, ia seguru, denbora eta dirua galduko dute enpresek."

Horregatik, Rezolak zera nabarmendu du: "ezinbestekoa da datuen gobernuaren kalitatea eta fidagarritasuna bermatzeko tresnak izatea eta, jarraitua den prozesu horretan, balio horiek administratu, hobetu eta bermatzeko baliabideak izatea; orobat da ezinbestekoa prozesu jarraitu hori sistematizatu eta automatizatzea, datu korporatiboen gehienezko aprobetxamendua lortu nahi badugu".

Enpresa lehiakorragoak, "data driven" enpresak

Erakundeak "data driven" enpresa bihurtzeko oinarrien hurbilketa didaktiko eta praktikoa egin da lantegian. Enpresaren kultura ingurune digitalizatura egokitu duten eta datuak beren funtzionamendua hobetzeko erabiltzen dituzten enpresei esaten zaie "data driven".

Digitalizatuta dauden halako enpresek lehiakorragoak izatea lortzen dute, nagusiki, bai eta erabakiak hartzeko prozesua optimizatzea ere. Hori lortzeko, baliabide teknologikoak berrantolatu beharra dago, benetan eraginkorrak izan daitezen.

Halako enpresetan, datuen erabilera eraginkorra lan-prozesu eta erabaki-hartze guztien ardatza da. Informazioa dute baliozko aktibo nagusi, eta, informazioa eraginkortasunez kudeatzea da misio nagusia. Horri esker, garai berrietara egokitutako konpainia horiek denbora errealean jardun dezakete.

Euskaltelen eraikin birtualean egin diren beste jardunaldi batzuetan bezalaxe, gaurkoan ere interakzio handia izan da parte-hartzaileekin; zalantzak eta kezkak azaldu dituzte Euskaltelek joera teknologikoez eta aukerez hitz egiteko eta gogoeta egiteko negozioentzat ireki duen topagune honetan.

Euskaltel - Komunikazioa

komunikazioa@euskaltel.com