• Osasun-segurtasuneko neurriek markatutako agertoki batean, Euskaltelek eutsi egiten dio Ikastolen Elkartearekin duen konpromisoari, eta, gainera, handitu egin du apustua, "Euskal Joko eta Kirolak" babestuz: joko- eta lehiaketa-sorta bat, euskal kulturaren benetako olinpiar joko bihurtzen dena.
  • Ikastolen Elkarteari laguntzeaz gain, Euskaltel elkarlanean ari da, euskararen aldeko ekimenen artean, Durangoko Azokarekin, Euskal Herriko Bertso Txapelketarekin eta Euskaraldiarekin.
  • Euskarazko filmen produkzioak finantzatzen parte hartzen du operadoreak. Haietako batzuk nazioartean oihartzun handia dutenak dira, hala nola Handia, Errementari, Loreak eta Akelarre, eta hori lagungarria da euskara Euskal Herritik kanpo zabaltzeko eta ezagutzeko.

2021eko ekainaren 3an. Ikastolen Elkarteak eta Euskaltelek beste urte batez ere berretsi dute bien arteko lankidetza-hitzarmena, eta, haren bidez, telekomunikazio-operadoreak ikastolen jaiak babestuko ditu aurten ere: Ibilaldia (maiatzaren 30ean, aurreko asteburuan, Sopelan), Araba Euskaraz (ekainaren 20an, Laudion), Kilometroak (urriaren 3an, Ordizia-Beasainen) eta Nafarroa Oinez (urriaren 17an, Lizarran).

Osasun-egoeraren ondoriozko baldintzak direla-eta ohiko moduan planifikatu ezin diren arren, Ikastolen Elkartearen lau jaiak berrasmatu egin dira, sormen handiz, euskararen inguruko urteroko topaketa beste modu batean egin ahal izateko, betiere parte-hartzaileen segurtasuna zainduta. Hala, orain ere badago parte hartzeko aukera, baina ibilaldirik egin gabe. Horretarako, parte-hartzaileek jarduerak eta tailerrak egingo diren lau guneetako bat aukeratu behar dute, aurretik webgunean izena emanda.

Eta, agertoki horretan, Euskaltelek bere konpromisoari eusten dio, eta, gainera, apustua handitu egin du, "Euskal Joko eta Kirolak" babestuz. Jarduera hori maiatzaren 22an hasi zen, Ibilaldiaren aurreko programaren barruan. Joko- eta lehiaketa-sorta bat da, euskal kulturaren benetako olinpiar joko bihurtzen dena, non parte-hartzaileek beren trebetasuna erakutsi behar baitute hainbat modalitatetan: lokotxak, txinga, zaku-saltoa, giza proba, zaku-eroatea, toka, harri-jasotzea, trontza, ingudea, sokatira.

Akordio horren barruan, Ikastolen Elkarteak Gaztea Irratiarekin lankidetzan egingo duen beste jarduera bat ere babestuko du Euskaltelek: "50 Euskal Kanturik Onenak": erabiltzaile gazteek sare sozialen bidez kantaririk onenak hautatzen dituzte.

Horrez gain, beste kultura-ekimen bat ere bada: IKASTOLAK HERRIARI ikuskizun-kontzertua, azaroaren 27an, oraingoan Euskaldunan, zeina EiTBren "Oholtzan" programan emango baita, abenduaren 4tik 11ra.

Euskarari bultzada

Euskaltel 1998az geroztik ari da Ikastolen Elkarteari irmoki laguntzen, ia operadore gisa hasi zenetik, eta horrek argi eta garbi erakusten du operadoreak euskararen eta hizkuntza-normalizazioaren alde egiten duela nabarmen eta etengabe. Hain zuzen ere, elkarteak egiten dituen jarduerei bultzada eta laguntza etengabea emate hori nabarmendu du Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak, Euskaltelen egoitzan egin den hitzarmenaren sinadura ofizialean. "Duela 23 urtetik, ikastoletako jaien babesle nagusietako bat izan da Euskaltel, eta hala izaten jarraitzen du".

Gainera, nabarmendu duenez, "beti izan da babesle aktiboa, eta ahalegindu da teknologia berriak erabiliz eta haietan euskara txertatuz ikastolen jaiak aktibatzeko formula berriak bilatzen". Besteak beste, 'Ikas Bira' lehiaketa aipatu du. Lehiaketa horren bidez, bertaratutakoak euskararen jai guztietan ibilbide osoa egitera bultzatu nahi dira. Eta 'Erronka' ere babestu du, Ikastolen Elkarteak lehiaketa osasuntsua eta gazteen parte-hartze aktiboa sustatzeko antolatutako lehiaketa.

Xabier Iturbe Euskalteleko presidenteak, berriz, poza adierazi du: "Jada 1998an Ikastolen Elkartearekin ezarri genuen lankidetza hau arrakastaren paradigma izan da urte hauetan guztietan. Harro nago Euskadiko ikastola guztiekin proiektu komun honetan parte hartzen jarraitzeaz, Euskaltelentzat erantzukizun-ariketa natural bat baita, kulturaren ikuspegitik egindako ahalegina. 23 urte daramatzagu ikastolekin elkarlanean, eta lanean jarraituko dugu euskal kultura eta euskara bultzatzeko konpromisoari erantzuteko".

Euskaltelek euskararen urteroko festak babestuz eta jai horien inguruan egingo diren ekintzen bidez Ikastolen Elkarteari ematen dion laguntzaz gain, badira euskararen sustapenean nabarmentzekoak diren beste alderdi batzuk ere, zeinetan telekomunikazio-operadorea modu berezian inplikatzen baita urtean zehar. Adibidez, laguntza ematen die Durangoko Azokari, Euskal Herriko Bertso Txapelketari, parte hartzen du Euskaraldian, eta parte hartzen du euskarazko filmen produkzioak finantzatzen. Film horietako batzuk nazioartean oihartzun handia dutenak dira, hala nola Handia, Errementari, Loreak eta Akelarre, eta hori lagungarria da euskara Euskal Herritik kanpo zabaltzeko eta ezagutzeko.

Berriki, EITBrekin batera, Euskalteka plazaratu du, euskarazko ikus-entzunezko edukien plataforma aitzindari bat. Hartan, hasieratik, EITBren hainbat generotako eta publiko guztientzako programa arrakastatsuen 300 ordu baino gehiago daude. Euskalteka irekita dago euskarazko eduki gehiago hartzeko, etorkizunean Euskadiko ikus-entzunezko sektorerako erreferentziazko "bideoteka" bihurtzeko.

Kanpoko eta barneko konpromisoa

Telekomunikazio-operadore gisa hasi zenetik, euskara enpresa barruan nahiz kanpoan bultzatzeko konpromisoa hartu zuen Euskaltelek. Horretarako, duela 18 urtez geroztik, euskararen trebakuntza eta haren erabilera bultzatzeko zenbait ekimen sustatzen ditu, Euskara Planaren bidez. Esaterako, telefonia mugikorreko terminalen eskuliburuak euskarara itzultzen dituen operadore bakarra da Euskaltel.

Euskaltelek euskararen alorrean egiten duena egoera guztietan etengabe hura erabiltzeko egokitzea da; izan ere, bezeroentzako jakinarazpenetan euskara erabiltzen du (webgunea, mailingak, fakturak...), eta bezeroarentzako arreta-zerbitzu guztiak ere euskaraz ematen ditu (saltokiak, call centerra, saldu osteko zerbitzuak, etab.).

Euskaltel - Komunikazioa

komunikazioa@euskaltel.com