• Garazi Muruak (Athletic Club), Ane Etxezarretak (Reala), Sheila Elorzak (SD Eibar) eta Mai Gardek (Osasuna Klub Atletikoa) ikuspegi eta desio bera agertu zuten: emakumezkoen futbola profesionalizatzearen aldeko apustua benetakoa izatea eta agindutako guztia errealitate bihurtzea.
  • Lau futbolariak harro agertu ziren emakumezkoen futbolarentzat etorkizun hobea lortzeko bidea irekitzen lagundu zutelako.
  • "Etorkizuneko belaunaldiei mezu hobea uztea dagokigu, eta orain daukaguna lortzeko zenbat borrokatu garen atzetik datozen gazteei transmititzeko erantzukizuna dugu"

2021eko ekainaren 11n. Hitzetatik ekintzetara igarotzea, agindutakoa errealitate bihurtzea eta emakumeen futbolaren baldintzak benetan hobetzea izan ziren atzo, ostegun arratsaldean, egin zen "Emakumea eta kirola" topaketa birtualean adierazitako ideia batzuk; topaketa hori Euskaltelen egoitzan egin zen, Derion (Bizkaia).

Garazi Muruak (Athletic Club), Ane Etxezarretak (Reala), Sheila Elorzak (SD Eibar) eta Mai Gardek (Osasuna Klub Atletikoa) urrutitik konektatutako publiko batekin partekatu zituzten beren esperientziak, osasun- eta segurtasun-neurriei eusteko hala egin behar izan baitzen topaketa, baina ikusleak oso gertu izan ziren espirituz hala ere. Begoña Beristain kazetari eta kirolariak gidatutako elkarrizketan, futbolariek beren grina lanbide nola bihurtu zuten azaldu zuten; nor diren erreferente beraientzat futbolaren esparruan, eta zer sentitzen duten kirolaren munduan hasten ari diren belaunaldi gazteentzat erreferente izaten; zer sakrifizio egin behar izan dituzten eta zer utzi behar izan duten albo batera, eta zein diren haien oroitzapenik onenak...

Lau futbolariak harro agertu ziren emakumeen futbolerako etorkizun hobea lortzeko bidea irekitzen lagundu dutelako, eta azaldu ziguten zer ibilbide egin duten txikiak zirenetik (erreferentzia gehienbat maskulinoak zituzten garaitik), gaur egun neska txikientzat eredu eta erreferente bihurtu diren profesionalak izateraino.

Garazi, Ane, Sheila eta Mai bat zetozen izandako bizipen askotan, emakumeak futbolean aritzea bitxikeriatzat jotzen zuen ingurune sozial batean jardun baitute. Eta laurek zortea izan dute, beren familiek kirol horrekiko grinari eusteko ahaleginean lagundu dietelako. "Zorionekoa naiz, eta bizitza osoan eskertuko dut; izan ere, aitaren laguntzarik gabe, gaur egun ez nuke futbolean jokatuko" esan zuen Mai Garde Osasuna Klub Atletikoko kapitainak, zeinak bere burua pribilegiatutzat jotzen baitu arrazoi horrengatik.

Topaketan gehien nabarmendutako balioak irmotasuna eta sakrifizioa izan ziren; horiek beharrezkoak direla uste dute, aurrera jarraitzeko eta beren itxaropenei eusteko. "Nik irmotasun horri eta nire familiaren laguntzari esker eutsi nion futbola lanbide bihurtzeko ametsari", aitortu zuen Garazi Murua Athletic Clubeko kapitain eta defentsak.

Hala ere, profesional bihurtzeak ez du esan nahi bizimodua ateratzeko adina baliabide ekonomiko eskuratuko direnik; "oraindik ere telebistako eskubideen gaineko borroka dago, oinarrizko baldintzak lortzeko dugun etengabeko borroka, bizitzeko gutxieneko soldata izatea garrantzitsua da" esan zuen Sheila Elorzak, Eibarko SDko erdilariak. "Ikusgarritasuna ematea nahi dugu, eta futbolari profesionalak izateko aukera izatea".

"Asmo oneko hitzak entzuten ditugu, baina ez dira gauzatzen. Beharrezkoa da emakumeen futbolaren aldeko apustua benetakoa izatea, agindutakoa errealitate bihurtzea" erantsi zuen Muruak.

Kirolarekiko duten grina uztartu egin behar dute entrenamenduekin, bidaiekin eta beren lanarekin ia bateraezinak diren ordutegi oso zailekin; ez dute beste ezertarako denborarik izaten. Ordu asko dira, eta lanaldi osoan lan egiten dute. Gutxi baloratzen den ahalegina eta sakrifizioa da, baina, azkenean, badu etekina, horrek esan nahi baitu futbolean jokatzen jarrai dezaketela, eta horixe dute gustukoen. Alde horretatik, Garazi Muruak nabarmendu zuen zorionekoa sentitzen dela "Athletic emakumezkoen talde profesionalizatua bultzatzen aitzindari izan delako".

Gai hauek jorratu zituzten, besteak beste: onartutako hitzarmen kolektiboa, beste lan batzuekiko bateragarritasuna, ikasketak izatearen garrantzia eta amatasuna. Lau futbolariek azaldu zutenez, ez dute eskatzen klubeko gizonezko kideekiko berdintasuna, futboletik bizitzeko baldintza duinak baizik, eta hori arautzen ari dira dagoeneko. Emakume jokalarien arteko batasuna eta adiskidetasuna izan dira urrats handi bat lortzeko espiritua eta oinarria: emakumezkoen futbol-liga profesionaltzat jotzea.

Haien ikuspegia argia da, eta bat etorri ziren denak emakumezkoen kirolaren eta, bereziki, futbolaren inguruan: "Futbolaren alde lan egin behar da, promesetatik ekintzetara igaro, aldaketaren aldeko benetako apustua egin. Biztanleriaren erdia gara, eta futbolean eta emakumezkoen kirolean gune garrantzitsu bat dago jorratzeke" esan zuen Muruak. Ane Etxezarreta Realaren Beasaingo erdilariak esan zuenez, "alde batera utz ditzatela gatazkak eta gehiago pentsa dezatela emakumeen kirolaren konponbideei eta onurari buruz".

"Etorkizuneko belaunaldiei mezu hobea uztea dagokigu, eta orain daukaguna lortzeko zenbat borrokatu garen atzetik datozen gazteei transmititzeko erantzukizuna dugu" erantsi zuten, amaitzeko, lau jokalari profesionalek.

Topaketa hau Euskaltelen ekimen arduratsu baten barruan kokatu da; Athleticeko, Realeko eta Eibarreko emakumezkoen taldeen babeslea da Euskaltel, bai eta Osasuna Fundazioaren ohorezko kidea ere. Egindako hausnarketa estrategikoaren ondorioz, eta gizartearekiko enpresa arduratsua den aldetik, emakumezkoen taldeak bultzatzen ditu Euskaltelek, eta balio hauen alde egiten du: aukera-berdintasuna, aniztasuna eta edozein arrazoik eragindako diskriminazioa baztertzea.

Berta Álvarez Euskalteleko Giza Baliabideen zuzendariaren iritziz, zeinak mahai-ingurua itxi baitu, "oso jardunaldi aberasgarria izan da, emakume apartak eta borrokalariak izan baititugu gure artean, eta kirol profesional oso maskulinizatu batean urratsak egiten ari diren hainbat eta hainbat gazte ordezkatzen baitituzte. Beraiei esker, gero eta ikusgarritasun handiagoa lortzen ari gara gure gizartean, gure komunikabideetan eta gure sare sozialetan. Gaurko topaketa oso aberasgarria izan da, lau klub horietako jokalarien testigantza bertatik bertara ezagutzeko aukera izan baitugu. Haien testigantzak guztioi laguntzen digu gizarteko estereotipoak gainditzen".

Topaketa osoa ikusteko: https://www.youtube.com/watch?v=NI8rbuwD8Fc&feature=youtu.be

Euskaltel - Komunikazioa

komunikazioa@euskaltel.com