350 M€ inbertituko ditu Euskadi Europako eskualderik teknologikoki garatuena bihurtzeko, FTTH eta 5G teknologien hedapenari esker

  • Estatuko zuntz-sarerik azkarrenari esker, Euskadi prest egongo da goren mailan lehiatzeko. Euskaltelek telekomunikazio-zerbitzurik aurreratuenak eskainiko dizkie etxe eta enpresei, euskal bezeroek gogobetetzerik handiena izan dezaten.
  • Planak aurreikusten du gutxi gorabehera 1.300.000 etxeri zuntz-estaldura ematea, hiru urtean 350 M€-ko inbertsioa eginez, batez ere zuntz optikozko sarea eguneratzeko eta Euskadin 5G teknologia zabaltzeko.
  • Euskaltelen bezeroek azken belaunaldiko zuntz optikozko sare horrek eskaintzen dituen zerbitzu berritzaileak izango dituzte: 10 Gb/s-rainoko abiadura simetrikoak, WiFi 6 eta Android 4k deskodetzaileak, inolako kostu gehigarririk gabe.
  • Euskaltelek zerbitzu berriak eskainiko dizkie bezeroei, hala nola energia % 100 berdea, finantza-zerbitzuak, aseguruak eta etxerako zerbitzu digitalak; eta enpresentzako MASMOVIL Taldearen eskaintzaren buru izango da Estatu osoan.

Donostia, 2021eko urriaren 8a. Euskaltelek, Espainiako iparraldeko operadore nagusiak, 350 M€ inbertituko ditu datozen hiru urteetan Euskal Autonomia Erkidegoan bere zuntz-sarea modernizatzeko, Estatuko FTTH sarerik berriena are gehiago hedatzeko eta 5G teknologia zabaltzeko, Euskadi Europako eskualderik garatuenen artean kokatzeko telekomunikazioen azpiegituretan eta euskal bezeroak merkatuko gogobetetzerik handiena dutenak izateko.

Dagoeneko abian den hedatze-plan hori pixkanaka zabaltzen ari da lurralde osora, hurrengo hilabeteetan bezero guztiek, oraingoek eta etorkizunean izan daitezkeenek, merkatuko zuntz-teknologiarik azkarrena izan dezaten, nPerf aholkularitza-enpresaren azterketa independentearen arabera.

Urte-amaieran, eta inbertsio garrantzitsu horri esker, Euskaltelen zuntz-eskaintza milioi bat etxebizitzatan, Euskadiko biztanleria osoaren % 75ean, eskuragarri egotea lortuko du Euskaltelek.

Gainera, MASMOVIL Taldeak 5G sare bat du, gaur egun EAEko biztanleen % 57ra iristen dena eta datozen hilabeteetan Euskaltelen bezeroen eskura egongo dena.

Hala iragarri du gaur goizean Meinrad Spenger MASMOVILeko eta Euskalteleko CEOak Donostian, Tabakalera eraikinean egin den "Deusto Business Alumni" topaketan. Euskaltel, indargarri bat Euskadiko lehiakortasunerako izenburupean, sare osoa modernizatzeko eta, hala, euskal bezeroei zerbitzurik onena eta aurreratuena eskaintzeko plan horren gako batzuk aipatu ditu Spenger-ek.

MASMOVIL eta Euskaltel integratzeko prozesuaren ondoren egin duen lehen agerraldi publikoan, Meinrad Spenger-ek berretsi du konpainiaren Euskadirekiko konpromiso sendoa, zeinak onura handiak ekarriko baitizkie bai Euskaltelen bezeroei bai euskal gizarteari. "Integrazio horri esker, Euskaltelek aukera izango du zuntz optikozko sareetarako sarbide azkarra izateko eta, hala, bezeroei zerbitzu bikaina eskaintzeko; bere mugikorreko azpiegiturak izango ditu, eta hori gero eta garrantzitsuagoa da 5G teknologia iritsi den honetan; estatuko hedapena bizkortuko du, MASMOVIL Taldearen sareak erabiltzeari esker; eta, epe laburrean, bezeroei balio erantsiko zerbitzu berriak eskainiko dizkie, hala nola energia % 100 berdea, finantza-zerbitzuak edo telemedikuntza".

Spenger-ek, halaber, honela azaldu du: "industria-proiektu sendo bat sortu dugu, inbertitzeko bokazioa duena -gaur iragarri duguna da horren froga- eta hazteko potentzial nabarmena duena. Gainera, oso pozik gaude integrazioaren aurrerapenekin eta oso azkar izango dugulako aukera Euskaltelen EAEko bezeroei onurak eskaintzeko".

Horretaz gainera, iragarri du Euskaltel izango dela Taldeko enpresentzako eskaintzaren buru Estatu osoan, bere esperientziari eta eskaintza komertzialari esker, eta Euskadiko enpresei eguneroko erronketan laguntzeko duen posizionamendu egokiari esker, soluzioak eskaintzen baitizkie beren eraldaketa digitalerako eta, horrenbestez, lehiakortasuna hobetzeko.

Deusto Business Alumnik gonbidatuta, MASMOVILeko eta Euskalteleko CEOarekin batera, topaketan izan dira, halaber, Agustín Garmendia Deusto Business Alumniko lehendakaria, Asier Atutxa PwCren iparraldeko zonako bazkide zuzendaria eta Ivan Marten Orkestrako lehendakaria.

10 Gb/s simetrikorainoko abiadurak

Inbertsio-bokazio horren adierazgarri da dagoeneko garatzen ari den FTTH sare berriaren hedapena. Gaur egun, zuntz optikozko zerbitzuak EAEko ia 850.000 etxetan eskaintzen ari dira dagoeneko, eta milioi bat etxe izango dira urte-amaieran. Prozesua amaitzen denean, Euskadiko 1.300.000 etxe eta negozio konektatu ahal izango dira Euskaltelen FTTH sare berrira.

Azken belaunaldiko sarearen hedapen horri esker, EAEko etxeek 10 Gb/s-rainoko nabigazio-abiadurak izango dituzte, eta beste abantaila esklusibo batzuk ere izango dituzte, hala nola estaldura handiagoa etxean, WiFi 6 teknologiari esker, eta nabigatzeko ahalmen handiagoa zenbait gailu konektatuta egonda, besteak beste.

Euskaltelen sare osoa azken belaunaldiko zuntz optikoaz ordezteko, XGS-GPON estandarrean oinarritutako teknologia erabiltzen da. Teknologia hori prestatuta dago prestakuntza, telelana, gaming-a, streaming-a edo bideo-deiak aldi berean egiteko, eta simetria osoa du sare osoan. Estandar horri esker, 10 Gb/s-rainoko abiadura simetrikoak lor daitezke, hau da, egungo teknologiak duen deskarga-ahalmena baino 4 aldiz handiagoa, eta igotzeko ahalmena 8 aldiz handiagoa.

Hedapena dagoeneko egina dagoen herri eta eskualdeetan, Euskaltelen bezeroei jada jakinarazten ari zaie zer urrats egin behar dituzten beren ekipamenduak belaunaldi berriko beste aurreratuago batzuez, erabat doan, ordezteko. Gainera, Euskaltelen zerbitzuak kontratatzen ari diren bezero berriek dagoeneko zuntz optikozko sare berrirako kontratatzen dituzte gehienbat.

Etxeetan ekipamendu berriak hedatzeko eta instalatzeko lanak amaitzen direnean, Euskadi Europako eskualderik aurreratuenetako bat izango da teknologiari dagokionez, eta 5G teknologia erabiltzeko eta garatzeko prestatuta egongo da. 5G teknologia zuntz optikoaren sarean oinarritzen da, eta abiadura handiagoa dakar, 4G teknologiak baino ahalmen hamar aldiz handiagoa, eta gai da datu-kopuru eskerga bat kudeatzeko eta komunikazio ultralasterrak ia latentziarik gabe ezartzeko.

Euskadirekiko konpromisoa

Meinrad Spenger-ek, bere agerraldian, azaldu du zer arrakasta-faktorek eraman duten integrazioaren ondorio den taldea Estatuko hazkunderik handienekoa izatera. MASMOVIL eta Euskaltel batuta, 14 milioi linea inguru dituen talde bat sortu da -mugikorreko 11 milioi bezero eta banda zabaleko 3 milioi bezero-, gutxi gorabehera 3.000 M€-ko diru-sarrerak, 1.000 M€-tik gorako EBITDA, zuntz optikoarekin konektatutako 26,5 milioi etxe eta 2.000 langile inguru dituena, estatu osoan presentzia sendoa duena eta gai dena inbertsio handiak egiteko, beharrezkoak baitira Espainiako telekomunikazioen merkatuan lehiatzen jarraitzeko.

Lurraldearekin duen konpromisoaren erakusgarri, Euskaltelek aberastasuna eta garapen teknologikoa sortzen jarraitzen du Euskadin, eta egoitza soziala eta fiskala Euskadin atxiki ditu; urtean 50 milioi euro baino gehiago ematen dizkie euskal foru-ogasunei, hau da, 1.300 milioi euro baino gehiago bere 25 urteko historian.

Hogeita bost urte hauetan, Euskaltel ekonomiaren bultzatzaile izan da, eta 2.500 milioi eurotik gora kontratatu ditu euskal hornitzaileekin. Halaber, urtero, gizarte, kultura, kirol eta enpresaren arloko 200 entitateri baino gehiagori laguntzen die hiru lurralde historikoetan egiten diren askotariko jardueretan. Eratu zenetik, 125 milioi euro baino gehiago bideratu ditu euskal gizarteko esparru guztietara zuzendutako jarduera horiei laguntzeko.

Euskaltel - Komunikazioa

comunicacion@euskaltel.com